Erasmus programaren etorkizunaz

Gaur Berria egunkariak argitaratu du Erasmus programaren etorkizunari buruzko erreportaje mamitsu bat. Iñaki Lasa kazetariak elkarrizketatu ninduenean, zenbait galdera erantzun nizkion. Honakoak:

Gaur egun ikasle guztiek ezagutzen dituzte Erasmus bekak, eta nolabait kanpora joatea ikasketetan aurrera egiteko akuilu bada, baina garai hartan ikasle gutxi joango zineten kanpora ez. Beka bera ez zen oso ezaguna izango?

Gutxiago ginen, bai. Uste dut urte horretan 10 baino gutxiago joan ginela EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzia fakultatetik, eta gaur egun 50 ikasle baino gehiago kanpora joaten zaizkigu.

Hala ere, aldea ez datza diru kontuetan. Nire kasuan, Erasmus dirulaguntzarik ez nuen eskuratu, beste beka bat lortu nuelako. Mugikortasunak gorantz egin du azken hamarkada hauetan unibertsitateak lan itzela egin duelako nazioarteko harremanak bultzatuz, hitzarmen pilo bat sinatuz. Horregatik gaur egun sistema askoz konplexuagoa da, nik ikasle moduan bizi nuenarekin alderatuta.

Gaur egun gazte asko ateratzen dira kanpora (izan au pair gisa, hizkuntzak ikastera, oporretara…), baina pentsatzen dut garai hartan ez zela berdina izango ezta?

Nago kanpora joateko grina berdintsua dela. Agian nire garaian autonomoagoak ginen: gogoratzen naiz dena gure kabuz egiten genuela: informazioa bilatu, hango koordinatzaileekin harremanetan jarri, bizilekua bilatu, etab. Horretan datza, azken finean, kanpora joateko eskarmentua: arrotza den inguru batean aurrera egiteko eguneroko erronkan. Gaur egungo ikasle batzuek nahi dute kanpora joan eta eroso bizi, biak aldi berean, eta askotan hori ezinezkoa da.

Diru laguntzak oraingoak bezalakoak ziren? Apalagoak? Handiagoak?

Emandako kopurua urtez urte eta ikaslez ikasle aldatu ohi da, iturrien arabera. Dirulaguntzen zati bat euskal erakundeek jartzen zuen, beste zati Europak, beste zati Espainiako gobernuak. Eta horiexek dira hain zuzen ere gaur arriskuan daudenak.

Baina inportanteena da jabetzea kanpora joateak “defizita” sortzen duela ikaslearen eta bere inguruko ekonomian. Helmuga askotan (Islandia, Finlandia, Irlanda, adibidez) bizitzaren kostua hemen baino askoz altuagoa da, eta Erasmus dirulaguntza inoiz ez da nahikoa izaten. Horregatik, nire kasuan, euskal ikasle guztiok beste diru iturria lortu behar izan genuen: ikerkuntzan, tabernetan, hizkuntza eskolak ematen, familiak emandakoa, etab.

Zer nabarmenduko zenuke zure Erasmus esperientziaz. Aberasgarria izan zen zure ikasketentzat eta garapen pertsonalerako?

Une gogorrak izanik ere, zoragarria izan zen. Nire ibilbide akademikoan eragin handia izan zuen. Orduan ez nintzen hortaz jabetu, baina aukera horrek dena aldatu zuen.

Zure ustez, zergatik dira garrantzitsuak Erasmus bekak, zer eskaintzen dute? Zergatik mantendu beharko lirateke bekak?

Ikasleen mugikortasuna ez da galduko; diru laguntzen sistema da arriskuan dagoena, batez ere Europako komisioak eta Espainiako gobernuak aurreikusitako murrizketak direla eta.

Being an Erasmus exchange student really made a difference in my academic career. It is an enriching experience, but it is economically expensive, too. If Europe does not help, only the well-off will be able to have this kind of educational experience.

Pero cuando me refiero a la ayuda europea también estoy pensando en el gobierno español, que va a reducir su aportación para becas hasta un 75%. De hecho, el intercambio universitario no peligra, siempre ha existido, lo que está en juego son las ayudas económicas que permiten que no sea cosa de unos pocos privilegiados.

Koordinatzaile bezala, hurbildu al zaizkizu ikasleak arduratuta galderak egitera?

Irakasle batzuekin, bai, egoeraz hitz egin dugu. Baina ikasle greba egunean hori aipatu bazuten ere, oraindik ez da ikaslerik niregana hurbildu egoeraz galdetzeko. Zorionez, ikasturte honetan mugikortasuna egiten dutenek bermatuta dute dirulaguntza, eta hurrengo ikasturtekoen hautaketa prozesua oraindik ez dugu abiatu.

Zure ikasleak atzerrira joatera animatzen al dituzu?

Zalantzarik gabe, baina esaten diet kontziente izan behar dutela horrek lan handia eskatzen duela. Baina merezi duela, bai horixe!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *